


LABURPENA - 1. ASTEA (uztailak 3tik 4ra eta 7tik 11ra)
Haurrak ekainaren 23 eta 24an iritsi ziren. Aurten ez zetorren haur berririk Irunera, denak izan dira dagoeneko Irunen behin gutxienez beste udararen batean. Batzuek harrera-familiaz aldatu dute, baina hau ez da inolako arazoa izan, haurrak oso azkar moldatu baitira.
Iaz bezala, gure lehendabiziko ekintza bide-heziketa ikastaroa izan zen. Zenbait kontzeptu teoriko erakutsi ondoren, hauek praktikara eraman behar genituen, beraz denbora luzean bide-heziketako pistan aritu ziren haurrak bizikletan, eguraldiak lagundu ez zuen arren. Hurrengo egunean alkateak eta udalbatzako zinegotziek ongietorria eman zieten eta bakoitzari forro-polar bat oparitu zieten. Udara honetako eguraldi kaxkarra kontutan hartuta, ez zaie batere gaizki etorriko.
Eta azkenean igeriketa ikastaroko lehenengo astea iritsi zen. Igerilekua izugarri maite dute, uraz gozatzen dute eta igerian ikasten dute.
LABURPENA - 2. ASTEA (uztailak 14tik 18ra)
Dagoeneko igeriketa ikastaroa amaitu dugu. Bigarren astea izan da honakoa. Igerilekuko ordutegia aldatu zigutenez, iazkoaren kontrakoa egin behar izan genuen. Lehen orduan ikastaroa geneukan eta murgil egin ondoren, Anzarango Bizilagunen Elkarteko lokalera joaten ginen jolasean aritzera.


LABURPENA - 3. ASTEA (uztailak 21etik 25era)
Igeriketa ikastaro hamabostaldia igaro ondoren, era askotako ekintzak iritsi ziren azkenean. Astea, informatikako gure lehen saioarekin hasi genuen, Luis Mariano Gizarte Guneko erretiratuen laguntzarekin. Iaz bezala, euren ordenagailu gelan hartu eta jarduera honetan gurekin egon dira.
Asteartea oso egun musikala izan zen, perkusioarekin lehen urratsak eman genituen. Batzuk baita dantzan animatu ziren, nahiz eta hori bai, lotsak gainditu ondoren.
Astearen erdialdera Aguirre gozotegiko lantegia ezagutzera hurbildu ginen. Eguneko ogia, moldeko ogia, zenbait pastel… nola egiten zuten ikusi genuen. Guk ere lanari ekin genion, kruasan batzuei itxura eman genien eta euren moldean sartu genuen ogi-orea.
Osteguna gure asteko azken eguna izan zen. Informatika saioa izan genuen berriz ere, baina egun horretan gainera freskagarri eta pastetara gonbidatu gintuzten.




LABURPENA - 4. ASTEA (uztailak 28tik abuztuak 1era)
Aste motza izan zen. Uztailak 31 osteguna jai zen beraz batzuk zubia ospatu zuten euren harrera familiekin asteburu luzeagoa igaro ahal izateko. Dena dela astea ondo aprobetxatu zuten stadium Gal-en futbolean arituz.
Lehenengo gauza ekipamendua izan zen. Real Unionek haur saharar bakoitzari kamiseta bat eta kirolerako galtza motzak oparitu zizkien. Adinen arabera haurrak bi taldetan banatu zituzten eta handik aurrera ondo pasatzera. Hamdi y Bachir ez ziren izan ondo pasa zuten bakarrak, neskek ere gozatu zuten eta noizean behin golen bat sartu zuten.








LABURPENA - 5. ASTEA (abuztuak 4tik 8ra)
Astea era askotako ekintzekin hasi genuen berriz ere, gauza ezberdin mordoa burutu genuen. Astelehenean, kartoi eta plastikozko txotxongilo batzuk sortzen hasi genuen astea. Asteartean suhiltzaileen parkea bisitatu genuen. Euren lana nolakoa den ezagutzeaz gain, parkeko kamioietako batetako garabian esertzen utzi gintuzten, 30 metro baino gorago igo gintuzten, eta mahuka nola erabiltzen den ere erakutsi ziguten. Azkenean haurrek blai eginda bukatu zuten.
Astearen erdialdera iritsi eta ibilaldia burutu genuen. Harrera familietako batzuk gurekin batera etorri ziren. EITBko instalazioak ikustera joan ginen. ETB1 eta ETB2ko sailetako batzuk non grabatzen diren erakutsi ziguten. Ondoren Kutxaespacioruntz abiatu ginen. Osteguna, Solas Jolas-en parte hartzen duten irungo neska-mutil batzuekin partekatu genuen, eta astea amaitzeko, ostiralean piraguismo egitera joan ginen.
LABURPENA - 6. ASTEA (abuztuak 11tik 15era)
Azken ekintza egunak. Aste honetan saskibaloia saioa izan dugu. Club Txingudi Saskibaloia taldeko jokalari eta entrenatzaileak hiru egunetan zehar gurekin aritu dira eta kirol honen arauak irakatsi dizkigute. Oso dibertigarria izan zen, saskibaloian aritzen garen lehen urtea da eta asko gustatu zitzaigun, gainera zenbait opari jaso genituen.
Ostegunean Anzarango lokalean izan ginen larunbateko jaialdi sahararrerako dantza batzuk entseatzen. Eguraldi-iragarpenak txarra zen astebururako beraz azkenean hondartzan ordez lokalean ospatu genuen jaialdia. Harrera familiak etorri ziren, jaki mordoa askaldu genuen eta Fati, Mafola eta Sudanak prestaturik zituzten koreografiak dantzatu zituzten. Hamdi aldiz musikaz arduratu zen.
LABURPENA - AGURRA
Uda atzean utzi dugu dagoeneko eta denak euren kanpamentuetan daude jada. Abuztuaren 22 eta 23an bueltatu ziren. Batzuk besteak baino pena gehiagorekin alde egin zuten, Kalama, Bachir eta Mimiren azken ‘Oporrak Bakean' udara zen. Dena dela, euren familiakoengana itzultzeko pozik zeuden denak. Datorren urtean Fati, Hamdi, Bouba eta Sudana berriz Irunen ikustea espero dugu.